glgil

Etorkizuna taldea CR Santanderren aurka jokatuko da igande honetan, Ohorezko B Mailarako igoera faseko joaneran

Getxo Etorkizunak Faduran hartuko du igande honetan Santanderreko errugbi kluba, 13:00etan. Topaketa horretan Ohorezko B Mailarako igoera faseko joana jokatuko dute. CR Ferrol Galiziako talde txapeldunaren aurka irabazi ondoren (62-42), hori-beltzek beste aurkari bati egin beharko diote aurre, eta badirudi aurrekoa baino gogorragoa izango dela.

Javi Marín, Getxoko lehen lerroko jokalaria, ziur da asteburu honetako partida zaila izango dela, “Une honetan, tokatu ahal zaigun edozein aurkari maila handikoa izango da”. Ortzi eta Unai buru dituen taldeak dagoeneko erakutsi zuen aurreko asteburuan A Malatan zein ondo ari diren, bereziki aurrelariak jokoaren konkistako faseetan, “oso uztartze onak egiten ari gara, entrenamendu guztietan lantzen ditugu“. Javik entrenatzaileen lana baloratzen du, uztartzeak egiten irakasten baitiete “astero, gure akatsak zuzentzeko lan egiten dugu”.

Getxoko taldearen filialak berriz ere jokatuko du kanporaketa fase bat, eta etxean jokatuko du lehenengo partida. Hasiera batean alde txarra badirudi ere, Javi ez dator bat Lehenengo partida etxean jokatzea ona zein txarra izan daiteke; Ferrolen aurka, adibidez, mesedegarria izan zitzaigun, etxean etxeko lanak egiten jakin izan genuenez, lasaiago joan ginen itzulerako partidara. Ez dago zalantzarik, kanporaketa etxean jokatzea abantaila handia izan daiteke itzulerako partidari begira, hurrengo igandean, maiatzaren 28an, jokatuko dena.

Talde gaztea da, jokalarien batez besteko adina ez da 22 urtetara iristen, baina, itxura denez, adinak ez du garrantzirik gogoa eta esfortzua gailentzen bazaizkio “Nire ustez, geure armarik onena da zelaiaren barruan zein zelaitik kanpo ondo ulertzen dugula elkar, pentsatuz jokatzen dugu eta badakigu zertan ari garen”.