23172872_10155833452709801_9078925882765498479_n

Getxok porrot egin du Villajoyosan CR La Vilaren kontra eta punturik gabe itzuli da etxera

CR La Vila 52(b)-19 Getxo Rugby

Hori-beltzak eraso-bonusa lortzetik entsegu batera geratu ziren

Getxo Errugbiak ez zuen lortu punturik atzo Villajoyosan. Juan Carlos Badoren mutilek berriro galdu zuten Heineken Ligako zazpigarren eguneko partidan, CR La Vilaren aurka, 52(b)-19. Beste behin ere, defentsako okerrak funtsezkoak izan ziren partidaren emaitzarako; izan ere, villajoyosarrek aurkarien lerroa makina bat aldiz gainditu zuten, eta hauek ez ziren kapaz izan igo berriak geldiarazteko.

Julio Spezialik, hiru entseguetako biren egileak, esan du emaitzak zelaian gertatutakoa islatzen duela: “Egia da punturen bat gehiago egin genezakeela […].  Halere, amaiera justua da. Ondo jokatu zuten eta garaipena merezi dute”.

Lehenengo zatian villajoyosarrak izan ziren jaun eta jabe: bost entsegu, berrogei minututan, nahikoak izan ziren villajoyosarrei abantaila handia emateko. Beste behin ere, dinamismoak eta abiadurak hori-beltzen defentsa kaltetu zuten; fase irekietan aurkariei nola aurre egin jakin gabe geratu ziren. Julioren bi entseguk (22’ eta 36’) metxa piztuta mantendu zuten bigarren zatira arte. “Askozaz ere kontzentrazio handiagoa behar dugu honelako partidei aurre egin ahal izateko. Bagenekien zuzeneko partida zela, oso garrantzitsua gure proiekziorako ligan”.

Bigarren zatian, getxotarren pilak agortu ziren. Beroak eta aurkako markagailuak plantilla gaztea suntsitu zuten: ez ziren gauza izan partidaren kontrola eskuratzeko.  Hiru entseguk esperantza guztiak zartatu zituzten (43’, 45’ eta 57’); eraso-bonusa eskuratzea baino ez zitzaien falta. Batzuetan, bisitariek ez zuten irtenbiderik aurkitu: 80’ra arte itxaron behar izan zuten hirugarrena lortzeko. Halere, markagailua apaintzeko baino ez zuen balio izan. “Beharbada punturen bat gehiago merezi genuen, eta horrek bonusa emango liguke”.

Juliok, zintzoa eta objektiboa, esan zuen defentsarako jarreraren falta izan zela porrotaren eragile argia: “Defentsan presioa eta kontzentrazioa falta izan genuen”. Gauza on bat azpimarratzearren, puntu gehien egin zuen getxotarrak defentsako faseetan –albotik irtetea eta uztartzea– izandako hobekuntzak aipatu ditu:  “oso ondo aritu gara beste partida batzuen aldean […]. Zenbait jokaldi interesgarri egin ditugu, eta baloiaren jabetzari luzaro eutsi diogu une batzuetan”.

Argi dago liga luzea dela eta beti dagoela ustekabekoren bat. Horregatik, kontzentrazioa eta partidetan puntuak eskuratzea ezinbestekoak dira. Azkenik, Julioren ustez kontzentrazioa da honelako egoeretan plantillak gehien behar duen ezaugarria. “Akatsak zuzentzen badugu eta hobetzen badugu, hurrengo norgehiagokan hobeto arituko gara”.