IMG_1499

Getxo Errugbia ordenaturik agertu da, eta denboraldiko lehen garaipena lortu du FC Barcelonaren aurka.

Getxo Errugbia 37(b)-22(b) FC Barcelona

Eraginkortasuna erasoan eta seriotasuna defentsan, horiek izan ziren gakoak hori-beltzek bost entsegu egiteko.

Iritsi da azkenean irrikatutako momentua. Getxo Errugbiak irabazi egin du Heineken Ligako hamargarren jardunaldian, FC Barcelona bezalako aurkari boteretsu baten aurka, 37(b)-22(b). Hasiera suntsitzailea izan zen, eta getxoztarrak garaipenerantz bideratu zituen. Erasoaldietako eraginkortasuna eta defendatzeko garaian izan zuen seriotasuna gakoa izan ziren partidaren aldeko emaitzarako.

Iñigo Lugarezarestik, Getxoko taldeko kapitain beteranoak, uste du mahai gaineko kolpe hori hasiera besterik ez dela: “Moral injekzio bat da guretzat guztiontzat, baina ez dugu ahaztu behar ez gaudela ondo, hobexeago baizik […].  Hau da jarraitu beharreko bidea, eta bertan jarraitu behar dugu gure helburuak betetzeko”.

Sekulako hasiera izan zen bertakoentzat, hasi eta sei minutura lortu baitzuen Nicolas Poolik lehen entsegua, Sebastián Berterok gauzatua, 7-0. Sei minutu beranduago, landutako uztartze laxo baten ondoren, bigarren entsegua lortu zuen Asier Agirre Agirronek; hori ere Sebasek gauzatu zuen ostikoz: 14-0, eta partidua bideratuta. Hortik aurrera, partida orekatu egin zen, eta katalanak baloia edukitzen hasi ziren aurkakoen zelaian. “Jokoaren maila mantentzeko gakoa da banakako kontzentrazioa mantentzea, besoak ez jaistea eta amaierara arte borrokatzea”.

Azkenean, uztartze laxo bidezko bi entsegu lortu zituzten blaugranek (19. eta 26. minutuak), eta markagailua estutzea lortu zuten: 14-10. Getxo Errugbiak bazekien min eman zezakeela; beraz, aurkakoen zelaian lanean jarraitu zuen, azkenik lekua aurkitu eta bi bider entsegu lortu arte (31. eta 36. minutuak), Sebastián Berterok eta Pryor Collierrek pausatutakoak, hurrenez hurren. 40. minutuan, atsedenaldian, markagailua 26-10 zen.

Bigarren zatia trabatuta hasi zen, kolpe gehiegi izan zituen bertako taldearentzat. Bartzelona inguratu egin zitzaien, 48. minutuan lortutako entsegu batekin, 26-15.  Dena den, 8 minutu beranduago, aurkako zelaian ostikada bat blokeatu ondorengo erreboteak Pryor Collier aukera bat eman zion, eta hark probetxua atera zion bertakoen bosgarren eta azken entsegua lortzeko, 53. minutuan, 31-15. Sebastiánek aldea zabaldu zuen ostikadaz baloia hagetatik pasaraztean, 65. minutuan, 34-15. Azkenik, FC Barcelonak laugarren entsegua lortu zuen, eta, horrela, erasoko bonus-puntua eskuratu zuen 77.ean, 34-22. Berterok markagailuko azken puntuak lortu zituen azken jokaldian hagetarako ostiko baten bidez, 37-22.

Iñigok nabarmendu du talde osoaren jardun egokia, eta jokalari berriena azpimarratu du: “Errendimendu oso ona izan dute jokalari berriek, sumatzen da agian ez dutela bertakoek bezainbesteko presiorik, eta hori igarri egiten da””

Giro ona Faduran

Giro ona izan zen igande goizean Fadurako polikiroldegian, eta azpimarratzekoa da hori. “Noski, nabaritzen da afizioak etxeko partidak babesten dituenean; jokalariok aldagelan komentatu ohi dugu, eta haiei eskerrak emateko modu onena horrelako garaipen bat da. Espero dezagun bide horretatik jarraitzea, bai haiek, bai guk”.