_20A1120

Sofía Le Maitre: “Jokatzeko eta Iberdrola Liga hau aurrera ateratzeko gogoz gaude”

Emakumezkoen taldea nazio-mailako lehiaketara itzuli da Gabonetako geldialdiaren ondoren eta ligako talde indartsu baten aurka jokatuko du, XV Sanse Scrum RC taldearen aurka hain zuzen ere

Gabonetako geldialdi luzearen ondoren, berriz ere botak janzteko eta zelaietara bueltatzeko sasoia iritsi da. Emakumezkoen taldeak asteburu honetan jokatuko du lehiaketako partida bat eta “liga aurrera ateratzeko gogoak” dituzte. Aitor Mezo-k eta Beñat Lavín-ek zuzendutako taldeak hurrengo larunbatean, hilaren 13an, Madrilera egingo du bidaia eta bertan jokatuko dute Iberdrola Rugby Ligako zazpigarren jardunaldiko partida, XV Sanse Scrum RC taldearen aurka hain zuzen ere; partida arratsaldeko 16:00etan hasiko da.

Sofía Le Maitre Getxo Errugbia taldeko jokalaria da eta baieztatu du azkenera arte borrokatuko direla arerioa zein den kontuan hartu gabe “Arerioa talde borrokalaria da, nahiz eta zenbait baja dituzten, ez dute ezer galdutzat emango”. Jokalari hori-beltzak uste du Gabonetan egindako entrenamenduak hurrengo larunbatean Madrilen nabaritu egingo direla “Deskantsatu dugun arren ez dugu deskonektatu, lan fisikoa egin dugu eta espero dut partidetan egindako lana nabaritzea”.

Neskek urte berria ondo hasi nahi dute. “Partida honetarako dugun helburua orain arte denboraldian izandako sentsazio onenak lortzea da, bigarren buelta ondo hasteko. Irabazi egin behar dugu eta horren aldeko apustua egingo dugu. Horixe litzateke gure emaitzarik onena”.