Super Seven Brisbane

Bi jokalari horibeltz Super Seven Brisbane txapelketan

Fuente: GetxoKirolberri

Australiako Brisbane hiriko Super Seven trofeoa jokatu zen pasa den asteburuan zehar. Lehiaketak hamalau selekzio bildu zituen: haietako zazpi Munduko Serieetatik etorritakoak eta beste zazpi gehiago gonbidapenaren bidez, hau da, Polonia Hegoafrika, Suedia, Gales eta Papúa-Ginea Berria haien artean. Uribarri Barrutieta eta Bárbara Plá Getxo Rugby Taldeko jokalariak Espainiarekin aritu ziren bertan.

Lehenengo jardunaldian, Australiako izen handiko akademia bat den Macquaire University taldearen aurka jokatu zuten gorritxoek. Gauzak horrela, lehen zatiko bosgarren minutuan Uribarrik eginiko entsegu batek hasiera eman zion borrokari. Emaitza horrekin atsedenaldira heldu zen. Aldageletatik bueltan, Pedro de Matíasen jokalariek ez zuten inolako aukerarik eman eta 31-0 nagusitu ziren argitasun osoz. Bárbara Plá, bere aldetik, bigarren zatian zelairatu zen.

Bigarren neurketan, Fidjik 10-5 irabazi zion Espainiako selekzioari. Ozeaniarrek bi entsegu eskuratu zituzten lehen hiru minutuetan eta aldeak mantentzen jakin zuten amaieraino. Bi jokalari getxoztarrak atsdenaldiaren ostean sartu ziren.

Beraz, zilarrezko finalerdietarako txartela poltsikoratu zuten gorritxoek emaitza hauei esker. Bertan, Ingalaterra itxaroten zegoen eta, azkenean, 10-12 nagusitu ziren britainiarrak. Pedro de Matías hautatzailearen selekzioa bere aurkaria baino gehiago izan zen lehen zatian eta espainiarrak markagailuan aurreratu ziren bi entseguen bitartez. Atsedenaldira 10-2ko emaitzarekin heldu zen. Baina bigarren zatia amaitzeko minutu bat falta zela, jokalari ingelesek entsegu eta ondorengo transformazioa lortu zituzten eta Zilarrezko Kopako finalerako txartela polstikoratu zuten. Bárbara Plá aldageletatik bueltan zelairatu zen, eta Uribarri Barrutieta, bi minutu beranduago.