13316070705_bf58a3c7ae_k

Mikel Etxeandia klubeko zuzendaritzan sartu da Kirol Arloan laguntzeko.

Mikel Etxeandia “Opari”, hainbat denboralditan gizonezkoen lehen taldeko jokalari ohia eta kapitaina izan dena, talde hori-beltzeko zuzendaritzako kide izango da uda honetatik aurrera. Kirol Arloan lagunduko du Mikelek eta, besteak beste, federatutako kategoria desberdinetako jokalariak eta entrenatzaileak kudeatuko ditu.

Bi talde estandarteak —gizonezkoena zein emakumezkoena— kategoriaz jaitsi ondoren, zuzendaritzak oso erronka garrantzitsuari egin behar dio aurre: aurreko denboraldien kokapena eta estatusa berreskuratzea. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeetako jokalariei dagokienez, oso bestelako egoerak aurkeztu dira hurrengo denboraldirako prestatzeari dagokionez: mutilek jokalari gazteen eta esperientziadunen artean oreka bilatu behar dute eta neskek, aldiz, lan handia egin beharko dute jokalari berriak berreraikitze-prozesuan dagoen taldera erakartzeko.

Gizonezkoen taldeari buruz: “Oso talde gaztea izateak alde onak eta txarrak ditu: alde batetik, asko hobetu daiteke; alabaina, esperientziarik ez izateak bere ondorioak izan ditzake, iaz ikusi genuen bezala. Ikusita taldeak nola amaitu zuen aurreko denboraldian, uste dut gauza politak egin daitezkeela eta goragoko kategorietan tokiak lortzeko borrokatu ahal dugula, presiorik gabe baina ilusiorekin arituz. Hala eta guztiz ere, hurrengo urteetarako esperientzia lortzen jarraitu ahal izango dugu beti”.

“Julio Speziali ezkerreko harroina berritzeaz gain, klubak jokalari gehiago sartzeko asmoa du”. Mikelek adierazi du gaur egun dagoen arazorik handiena esperientzia-falta dela, eta hori da, hain zuzen ere, indartu nahi duena. “Oso garrantzitsua da taldeari esperientzia ematea eta zenbait toki sendotzea”.

Emakumezkoen taldeari buruz: “Itzulera bakarreko ohorezko B maila osatzeko proiektu bat dago, Euskal Ligarekin bateragarria izango litzatekeena, eta hori da klubak gaur egun duen helburua. Ohorezko A mailatik jaitsi izanak taldea ahuldu du eta, hortaz, helburu nagusia proiektu horretan sartzea da, printzipioz galduko ditugun jokalariak baino gutxiago galduko baikenituzke horrela”.

Mikelen arabera, jorratu nahi den alderdietako bat emakumezkoen errugbia sustatzea da; plan hori abian dago jada klubeko jokalariek egin duten lanari esker, ate irekien entrenamenduak antolatzen baitituzte astero. “Talde indartsuagoa eta handiagoa osatzea nahiko genuke, fitxa gehiago dituena”.