Calendario Getxo Rugby 2018-2019

Getxo Errugbia Bathco Rugby Club taldearen aurka arituko da etxean jokatuko duen lehenengo partidan

Santanderreko jokalariak A taldeko bigarren talde onena dira eta, a priori, sailkapeneko aurkaririk zailena da

Hurrengo denboraldiko egutegia daukagu jada eta hori-beltzei partida garrantzitsua egokitu zaie hasieran. Getxo Errugbiak Faduran hartuko du Bathco Rugby Club taldea B Ohorezko Dibisioko lehen aurkari gisa, mailaz igotzeko playoffeko bi tokietako bat eskuratzeko hautagai argietako bat dena. Izan ere, aurreko denboraldian playoffetan sailkatzea lortu zuten eta bigarren tokian geratu ziren, hurrengo mailara igo berri den Aparejadores de Burgos taldearen atzetik soilik.

Hurrengo astean, lehenengo partida jokatuko dute bisitari bezala, Ourensen (Galizian). Fase erregularreko bidaiarik luzeenetako bat izango da eta, horrez gain, beste bi irteera egingo dituzte Galiziara: bigarrena Vigora izango da (abenduak 8/9) eta hirugarrena, berriz, Coruñara (urtarrilak 12/13).

Derbiei dagokienez, esan beharra dago aurten hamar izango ditugula, hots, aurreko denboraldian Ohorezko A Mailan baino lau gehiago. Alabaina, horrek berdin dio, derbiak derbi izaten jarraituko baitu.

Urrian izango da lehenengoa (hilak 6/7); bisitari gisa jokatuko duten laugarren partida izango da eta Bera Bera Rugby Taldearen aurka arituko dira, aurreko edizioan hirugarren tokian sailkatu zena hamabi garaipen eta hamar porrot lortu ondoren. Etxean jokatuko duten lehen derbia urtetik urtera hobetu duen Eibar Rugby Taldearen aurka izango da, urrian (hilak 20/21). Talde horrek sailkapenaren erdian amaitu zuen aurreko denboraldian.

Aintzat hartu beharra dago geroz eta gogorragoa dela zilarrezko kategoria eta, batez ere, oso luzea dela playoffetan sailkatzea lortuz gero. Hori dela eta, lehen taldeak esfortzu handia egin beharko du sorpresarik ez hartzeko. Hurrengo denboraldiari buruz duela aste batzuk Mikel Etxeandiak esan bezala, “mutilek presio barik baina ilusioarekin jokatu behar dute”.

Calendario DHBRugby 2018-2019

Clasificación de la pasada División de Honor B Grupo A 2017-2018