Foto para Web

Getxo Errugbiko senior taldeek lidergoa mantendu dute Faduran

Talde biek partidarik galdu gabe jarraitzen dute eta liderrak dira

Aurreko larunbatean errugbi egun ederra igaro genuen Faduran, bi partida jokatu eta biak irabazi genituelarik Emakumeen eta gizonen taldeek Euskal Ligako eta DHB ligako A taldeko partidak (60-0 Gaztedi RTren aurka eta 46-3 Uribealdea RKEren aurka) irabazi zituzten, eta lehenak jarraitzen dute sailkapenean. Emakumeen taldearekin batera lehenengoa da AVIA Eibar RT taldea, eta gizonen taldea lehenengo bakarra da, CRAT A Coruña taldearekiko sei puntuko aldea duelarik.

Getxo Errugbia-Gaztedi RT: 69-0

Beste behin ere Asier Basterretxeak zuzentzen duen taldeak nagusitasunez garaitu zuen talde aurkaria Faduran, eta bost puntuak etxean geratu ziren. Getxotarrak nagusi izan ziren jokoaren alderdi guztietan, eskurako joko zoragarria nabarmendu behar delarik, baita back-en azkartasuna ere. Sailkapenean lehenengoak dira eta oraindik ez dute jokatu aurkari zailenen aurka, eta hala, AVIA Eibar RTren edo La Única RT taldearen aurka ikusiko da jokalarien benetako gaitasunak zeintzuk diren.

Getxo Errugbia-Uribealdea RKE: 46-3

Emakumeen partida bukatu ondoren partida ikusgarria ikusi genuen baita ere. Bado-ren eta Young-en jokalariak azken emaitzak erakusten duena baino lehiakorragoa izan zen partidan garaile atera ziren.

Lehenengo ordu erdian parekatuta egon zen partida, nahiz eta getxotarrek kontrako taldearen hogeita bigarrenera etengabe iritsi Uribealdea izan zen bederatzigarren minutuan lehenengo puntuak lortu zituena, 0-3. Pixkanaka Getxo partida menperatzen hasi zen, eta Zubeldiak pasatutako bi aldeko kolpeekin aurretik jarri ziren (20’, 6-3) eta hortik aurrera Getxoko taldea izan zen nagusi. Iñigo Viterik, Aitor Zubeldiak eta Axel Papak atsedenaldiaren aurretik puntuak lortu zituzten eta bigarren zatirako abantaila ederra utzi zuten, 31-3.

Atsedenaldiaren ondoren Faduran borrokak jarraitu egin zuen, nagusiki bisitarien zelaian. Markatik hurbil hainbat joko fase egon ziren eta bi entsegu ezeztatu zituzten paseak aurreratuak izan zirelako, eta horren ondoren aurrelariak gailendu egin ziren Gontzal Berriotxoak jarritako maul-en entsegu batekin eta mele fase baten ondoren izandako zigor batekin. Federico Fontanak egin zituen azken puntuak arratsaldeko seigarren eta azken entseguarekin, 46-3 eta liderrak.

Etorkizunak garaipen garrantzitsua lortu zuen Arrasaten

Gizonen bigarren taldeak Arrasateko zelai artifizialean garaipen garrantzitsua lortu zuen Euskal Ligaren lehenengo mailan finkatzeko. Hori-beltzek 19-24 irabazi zioten Kanpazar Arrasate taldeari eta sailkapeneko zazpigarren postuan daude bederatzi punturekin.