Foto para Web

Lehen postua dago jokoan Coruñan

Getxo Errugbiak iparraldeko taldeko hirugarren sailkatua den CRAT Residencia RIALTAren aurka neurtuko ditu indarrak igandean

Gabonetako oporren ostean, errugbia itzuli da gizonezkoen lehen taldearentzat. Bado eta Youngen gizonek Galiziara bidaiatuko dute CRAT Residencia RIALTAren aurka aritzeko. Talde hori hirugarren sailkatua da, getxotarrek baino sei puntu gutxiago ditu eta txapelketako aurkari zuzenenetako bat da; izan ere, mailaz igotzeko playoff fasea jokatzeko hautagaietako bat da. Norgehiagoka igande honetan jokatuko da, hilak 13, 13:30ean Elviñako kirol-instalazioetan.

Getxoko taldeko jokalaririk beteranoenetarikoa den Iñigo Lugarezarestik dio Gabonetako atsedenaldia oso ondo etorri zaiola taldeari: “Arnasa hartzeko beharra genuen, oso ondo etorri zaigu hurrengo partidei aurre egiteko”.

Galiziarrak iparraldeko taldeko gogorrenetarikoak dira; izan ere, taulako hirugarren postuan daude 50 punturekin; hau da, getxotarrek baino sei gutxiagorekin. Orain arte jokatutako hamahiru jardunaldietatik hirutan galdu dute, eta hamar puntu gehigarri dituzte, erasoko bederatzi eta defentsako bat. Hain justu ere, azken partiduan orain bigarren sailkatua den Bathco Rugby Cluben aurka galdu zuten etxean (19-31).

Iñigok azpimarratu du “defentsarako jarrera eta joko-planarekiko diziplina” funtsezkoak direla urteko lehen garaipena lortzeko eta 2019a ondo hasteko. Elviñan lau (edo bost) puntuak lortzea ezinbestekoa da lehen postuan jarraitzeko; izan ere, Kantabriakoak, hori-beltzek baino bi puntu gutxiago dituztenak, getxotarrak estutzen ari dira taulako bigarren postutik.

Emakumezkoen taldea, Logroñora

Emakumezkoen taldeak larunbat honetan berrekingo dio txapelketari. Rugby Club Rioja 12ren aurka arituko da Pradoviejon (Logroño), 15:15ean hasita. Asier Basterretxeak zuzentzen duen taldea lehen sailkatua da 30 punturekin, AVIA Eibar Rugbyk bezainbeste, hain zuzen. Errioxarrak taularen erdialdean daude kokatuta, seigarren postuan. Hamar puntu dituzte eta getxotarrek baino partida bat gutxiago jokatu dute.