Foto para Web

Getxo Errugbiak Ardanzas Park bisitatuko du igoera promoziorako sailkapena ziurtatzeko asmoz

Fotografía por Jordi Blasi

Plentziako garaipenak ia erabakita utziko luke sailkapena, betiere CRATen emaitzaren arabera

Badator Ohorezko B Mailako A taldeko hogeigarren jardunaldia. Badok eta Youngek gidatutako taldeak Ardanzas Park bisitatuko du hurrengo larunbatean, 16:00etan, Uribealdea RKEren aurka aritzeko. Fase erregularra bukatzeko hiru jardunaldi falta diren honetan, hori-beltzek esku-eskura dute igoerako playoff fasean egongo direla ziurtatzeko aukera. Garaipenak ia ziurtatuta utziko luke hori-beltzak bigarren fasean egotea; horrenbestez, norgehiagoka aurrera ateratzea erabakigarria izango da taldearen bilakaerarako.

Plentziakoak zazpigarren postuan daude gaur egun; arrisku handirik gabeko postu eroso batean, beraz. 40 puntu dituzte, zortzi garaipen eta hamar porrot. Hala, Babyauto Zarautz RTk (43) baino hiru puntu gutxiago eta AVIA Eibar RTk (37) baino beste hiru gehiago dituzte. Azken bi jardunaldiei dagokienez, eguzkiloreek bietan galdu dute. 24-12 egin zuten armaginen aurka, eta 20-34 Coruñakoen aurka.

Argi dago estatuko maila gorenera igotzea dela helburua. Hiru partidu geratzen dira eta hamabost puntu daude jokoan. Hala, hirugarren sailkatuarekiko hamar puntuko aldea kontuan hartuta, Plentzian irabazteak automatikoki sailkatzea ekar dezake, baldin eta CRAT Residencia RIALTAk puntuak galtzen baditu Donostian AVK Bera Bera RTren aurka.