Xabi Uribe-Etxebarria entra al Getxo Rugby

Xabi Uribe-Etxebarria, Sherpa.ai-ren fundatzailea eta CEOa, Getxo Errugbiaren zuzendaritzarako fitxaketa berria

Klub getxotarrak bere organigrama indartu du eta hiru kide berri gehitu ditu

Berritasun garrantzitsuak daude Getxo Errugbiko bulegoetan. Zuzendaritza Batzordeko kide berrien artean, Xabi Uribe-Etxebarria nabarmendu behar da, Sherpa-ai-ren fundatzailea eta CEOa. Adimen artifizialaren munduko enpresaburu ekintzaile ezagunenetariko bat da. “Klubak pizgarri bat behar du hainbat arlotan”, dio kide berriak. “Getxo Errugbiari eman didan guztia itzuli nahi nioke. Nire umezaroan eta gaztaroan oso une onak bizi izan ditut hemen, eta pertsona gisa hazten lagundu dit”.

Kluba hainbat arlotan hobetu eta indartzeko gogoz, jende berria batu da 2017-2018 denboraldiaz geroztik Alberto Zubeldia buru duen gaur egungo batzordera. Uribe-Etxebarriaz gain, Julen Arranz ere batuko da, senior taldeko beste jokalari ohi bat, hain zuzen. Gaur egun entrenatzaile gisa dihardu klub hori-beltzaren azpiko kategoria batean. Mikel Etxeandia Kirol Zuzendaritzako kidea izan da orain arte, eta kirol sekzioko arduradun izendatu berriarekin, Asier Basterretxearekin, batera lan egiten jarraituko du.

Bi kide berri horiek klubaren oinarriak indartuko dituzte eta pizgarri izango dira. Uribe-Etxebarriak azaldu duenez, “arlo ekonomikoa eta soziala premiaz konpondu behar dira”. Etorkizuneko proiektua Fadura kiroldegian aurkeztu zen martxoaren 11n, astelehena, Zuzendaritza Batzorde osoaren aurrean. Bada, kideei gustatu zitzaien eta konbentzitu egin zituen. Horrenbestez, proiektua aplikatzea onartu zuten, kirol erakundearen etapa berri bat abiatu ahal izateko.

Sherpa.ai enpresaren fundatzaile eta CEOak gaineratu du kirol arloan hazten jarraitu behar dela eta hori ez dela ahaztu behar. Hala, klubak gaur egun duen oinarri sendoa aprobetxatu behar dela adierazi du: “Etxeko jokalari onak ditugu gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta haiek izan behar dira gorenera iritsi nahi duen taldearen oinarria; izan ere, etxeko ahalik eta jende gehien izatea da helburua”. Kide berriak aitortu du anbizio handiko helburuak direla, baina uste du ilusioa eta talde-lana izango direla hazteko gakoak: “guztiok gure lana eta ezagutza eskaintzen baditugu, ziur nago helburua lortuko duguna”.

Uribe-Etxebarriak esparru estrategikoan eta ekonomikoan lagunduko du gaur egungo presidentearekin batera, eta Julen Arranzek batzordeko beste kide batzuekin batera lan egingo du arlo soziala indartzeko eta herriaren eta klubaren arteko harremana sustatzeko. “Garai batean harreman sendo hori zen Getxoko taldearen ezaugarri nagusia, eta hori berreskuratu nahi dugu. Hala, lehenagoko izaera hori itzul dadin eta udalerrian berriz ere erreferente soziala izan gaitezen nahi dugu”, azaldu du Arranzek. Azaldu duenaren arabera, bere garaian klubaren parte izan ziren eta, hainbat arrazoi tarteko, aldendu egin ziren pertsonak erakartzea da beste helburu nagusietariko bat.

Biek uste dute gaur egungo zuzendaritzak lan ona egin duela iritsi zenez geroztik. “Gu gehitzera gatoz. Taldeko proiektu bat da”, adierazi du kudeatzaile berriak. Kide berriei dagokienez, Uribe-Etxebarriak erabateko konfiantza du haien gaitasunekiko. “Uste dugu Arranz eta Etxeandia oso onak direla beren arloetan; hau da, arlo sozialean eta kirol-arloan, hurrenez hurren. Klubarentzat beharrezko diren ekarpenak egiteko gai izango dira”, amaitu du.