Historia

Getxo Errugbia taldearen historia

1975ean sortu zuten Gernika Rugby Taldetik zetozen hiru jokalarik. Horrela jaio zen Getxo Errugbia, tokian errotuta eta izaera lehiakor batez. Lehen urteetan, Getxoko kirolzaleak aritu ziren taldean, batez ere arraunlariak, eta laster hasi zen emaitza deigarriak lortzen, bai senior kategorian eta bai harrobian. Taldeko koloreak, beltza eta horia, Fadurako udal‑kiroldegiaren etengabeko hazkunde garai baten sinbolo bihurtuko ziren.
1980ko hamarkadan, kluba maila erregionaletik Ohorezko Mailara igo zen, Estatuko maila gorenera, alegia. 1989an emakumeen taldea sortu zen. Hasiera-hasieratik lehiarako eta prestakuntzarako bokazio argia erakutsi zuen, errugbiaren balioak erabat barneratuz.
1990eko hamarkada izan zen urrezko garaia. Lehen mugarria 1990eko ekainaren 3an iritsi zen, Santboiana menderatu (28-7) eta Errege Kopa irabazitakoan. Titulu horren ondoren beste hiru etorri ziren (1991, 1992 eta 1997), eta beste hiru aldiz txapeldunorde ere geratu zen taldea. 1993an, Getxok Ohorezko Mailako liga irabazi zuenean, Estatuko errugbi talde garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. 1991 eta 1995 artean, taldeak ez zuen ligako partidu bat bera ere galdu Faduran, 45 partidu baino gehiago jokatuta ere. Garai bikain horren ondoren, kluba mailaz jaitsi zen eta taldea berreraikitze-prozesu batean sartu zen, egoera gero eta profesionalagoa zen-eta.
XXI. mendean, taldea berreskuratzen eta sendotzen hasi zen. Gizonen taldea Ohorezko A mailaren eta B mailaren artean ibili zen: 2011n —ligako taldean denboraldiko partidu bat bera ere galdu gabe— mailaz igo zen, eta ostera ere 2020an. Gaur egun, berriz Elite mailara igotzeko borrokan ari da, Estatuko bigarren kategoriarik altuenera.
Emakumeen taldea Espainiako emakumezko errugbiaren erreferente historikoetako bat da. Beti izan da protagonista Estatu mailan. Esaterako, 2001ean eta 2008an Erregina Kopa irabazi zuen, eta beste batzuetan finala jokatu zuen. 2024ko maiatzean Iberdrola Ligara igo zenetik, taldeak bere tokia hartu du elitean eta klubaren garrantzia sendotu du, funtsezko prestakuntza-egitura integrala dela argi utziz.
Sortu zenetik 50 urte pasa diren honetan, Getxo Errugbia identitatearen, harrobiaren eta kirol-anbizioaren isla da oraindik ere.

Galeria

Egin klik irudian handiago ikusteko:
Scroll to Top